You are on page 1of 11

HERRI ALDIZKARIAK: BALANTZEA ETA ETORKIZUNEKO ERRONKAK

Mikel Irizar/2003.07.21

0. Aurkezpena ezinbestean

Artikulu hau irakurri ala ez erabakitzeko, begiratu diozu egilearen izenari. Eta ez
duzu ezagutu. Izenaren ondoan ez da ageri sinesgarritasuna emango lioken titulurik.
Hala ere, ataka gainditu eta honaino iritsi zarenez, sentitzen dut aurkezpen hau zor
dizudala, gaian murgildu aurretik.

Ez naiz aditu tituluduna, hau da, unibertsitate irakaslea. Ez eta herri aldizkarien
sektoreko profesionala, hedabide bateko arduraduna edo. Zerbait izatekotan aritua
naiz, eta luze gainera. Arrasate Press aldizkariaren lehen alean hasi nintzen
maiztasunez idazten, 1988an, eta ia etenik gabe jarraitu dut gaur arte. Haren
ondorengo Goienkarian astero idazten dut zutabe bat oraindik. Eta Argiak sekulako
poza eman dit berriki sartu nauenean bere azken orriko artikulugileen artean.
Honainoko bidean, beste saltsa batzutan ere sartu naiz, hala nola saioak aurkezten
Arrasate Telebistan eta Euskal Telebistan, edo iritzi emaile Euskadi Irratian. Duela
gutxi, 1999an, aritu nintzen gaurko gaiari berariaz lotzen zaion jardunean, bi urtez
nire ohiko lana utzi nuenean Goiena kooperatiba sortzeko, Debagoiena eskualdeko
hedabide guztiak bilduta. Hemendik aterako ditut erreferentzia gehienak.

Aritua naiz, beraz, eta ez aditua. Edo, aritzeak aditzea ekar lezakeen neurrian
bakarrik aditua. Eta ez dut inor ordezkatzen, neu naiz hemengo iritzien erantzule
bakarra.

1. Euskarazko herri prentsaren ibilbidea eta ekarpenak

Idatzi dira atalak, unibertsitate tesietan eta ikerketetan, euskarazko herri prentsaren
historiaz. Agian falta da bilduma lan sistematizatua, baina ez da hori gaurko gaia.
Zertzelada batzuk emango ditut hemen, oinarria izan dezagun gaiaren ondorengo
garapenerako. Horretarako erabiliko dut, nire esperientziaz aparte, argitaratu gabeko
lantxo bat. Egilea da Joxe Aranzabal, Arrasate Presseko sortzaile eta lehen
zuzendaria, eta idatzia dago 2000ko udaberrian, uda hartan hitzaldi bat emateko
Londresen, hango Basque Studies unibertsitate departamenduak antolatutako
ikastaroan.

Baziren aurrekariak, bakoitza ama batena. Baina gizarte eta kazetaritza fenomeno
moduan, euskarazko herri prentsa (EHP) sortu zen 1988ko abenduaren 2an,
Arrasate Press astekariaren lehen zenbakiarekin. Honen sorrerak eragin zuen
hurrengo urteetako loraldia: 1989an sortu ziren hamaika aldizkari, 1990ean hamar,
1991n bost, 1992an bost, 1993an zazpi, 1994an lau, 1995ean lau eta 1996an sei.
Handik aurrera, kopurua egonkortu egin da 50 aldizkariren bueltan.

EHPren sorrera ulertzeko, Joxe Aranzabalek aipatzen ditu bost faktore:


‘Auto edizioaren sorrera
Auto edizioaren iraultza 80. hamarkadaren erdialdean hasi zen. Alde batetik
ordenagailu berriak agertu ziren, ordura arte denbora mordoa eskatzen zuten
lanak askoz ere bizkorrago eta merkeago egiteko gauza zirenak. Bestetik,
Hewlett-Packard eta Apple etxeek laser inprimagailuak kaleratu zituzten.
Ordura arte, gutxi batzuen eskuetan zegoena, oinezkoon eskura jarri zuten. (...)
Arrasate Press iraultzaren trenean igo zen. (...) Geroztik sortu diren herri
aldizkari gehienak auto edizioan oinarritzen dira eta euretariko gehienek
Macintosh sistema eragilea darabilte.

Euskararen batasuna
Arrasate Press sortu zenerako euskara batua finkatua zegoen eta haren
erabilera zabalduta zegoen, bai irakaskuntzan nola administrazioan eta
komunikabideetan ere.

Euskara taldeak
80. hamarkadaren erdialdean ere gerora Euskal Herrian hedatuko ziren euskara
taldeen eredua sortu zen Arrasaten: AED. Bere helburua Arrasate
euskalduntzea zen. Hasieran lanik handiena kontzientziazio lana izan bazuen
ere, gerora, heldu ahala, funtzio berriak hartzen joan zen. Euskarazko
hedabideak sustatzea, adibidez. Arrasate Press AEDren babesean sortu zen.
Gerora ere, Euskal Herrian sortu diren herri aldizkari asko eta asko antzeko
taldeen itzalpean plazaratu dira. (...)

Herri erakundeen irekitasuna


Udalak eta foru aldundiak demokratizatu ondoren, eta Eusko Jaurlaritza zein
Nafarroako Gobernua sortu eta gero, euskararekiko eta euskal kulturarekiko
jarrera irekiagoak azaldu ziren erakunde horietan. Kasu askotan ontzat hartu
zuten euskarazko herri komunikabideak sustatzea, euskara elkarteekin
lankidetzan. Udaletako teknikari eta euskara arduradun askok zerikusi handia
izan zuten jarrera aldaketa honekin. Geroztik, asko dira euskarazko herri
prentsaren barruan ekimen pribatuarekin batera herriko aldizkarietan parte
hartzen ari diren udalak.

Euskal kazetari berriak agertzea


80. hamarkadan kazetari belaunaldi berriak agertu ziren. Harrezkero, gure
aldizkarietan lan egin zezaketen kazetari profesional euskaldunak hartuko
genituen. Ordura arte euskal kazetaritza larru gorritan zegoen.’

Aipu luzea ekarri dut, agerian jartzen dituelako gero jorratu beharko ditugun puntu
nagusiak: teknologia, oinarri soziala, erakundeak eta gizartea lankidetzan,
profesionalak...

Bistan denez, 90. hamarkadan EHPk ondo baliatu zituen bere indar guneak eta
aukerak, eta lortu zuen arrakasta erabatekoa. Euskara hutsez izanda iritsi zen milioi
erdi irakurlerengana, eta irabazi zuen doaneko prentsaren esparrua ia erabat
euskararentzat. Gehienetan desagertu edo euskaldundu egin behar izan zuten
gaztelaniazko aldizkariak eta elebidunak. Euskararen historian mugarri behar luke
gertakari honek. Noiz lortu da, edozein esparru irekian, euskara horrela nagusitzea
gaztelaniari lehia irabazita? Eta, bide batez, non dago koska? Joxe Aranzabalek
aipatzen ditu hastapenetan lankide izan zuen Iñaki Mendigurenen hitzok:

‘Honetarako laster ikusi zen ordura arteko ohiko ereduetatik urrundu beharra
zegoela, ezin zela aldizkaria betiko gutxiengo euskaltzale militante edo
kulturzalearentzat bakarrik planteatu, euskarari eta euskal kulturari buruzko
diskurtso ideologiko eta kontzientziatzailea zuzenean egin gabe, euskaldunen
gehiengoa erakarri eta irabazi behar zela euskara idatzira. Beraz, aldizkari
herrikoi, sinple, praktiko, irakurterraza egin behar zen; albiste erakargarri eta
artikulu laburrekin, argazki eta elementu grafiko askorekin, etab.’

Hizkuntzari egindako ekarpen nagusi honek lagun izan ditu beste batzuk, hiru
behintzat garrantzi handikoak. Lehena izan da nabarmentzea hurbileko
informazioaren eginkizun zentrala etorkizuneko gizartean. Hedabide globalek goitik
behera ezartzen duten uniformetasuna orekatzeko, behar da hedabide lokalen
tokikotasuna, pertsonaren eta munduaren artean iraun dezaten tarteko maila eta
multzoek. Eta herri prentsari esker areagotu egin da hurbilekoaren estimua, indartu
egin da giza multzo ohikoen kohesioa, trinkotu egin dira oinarrizko komunitateak.

EHPren ekarpenetan ezin ahaztu publizitatea euskaratzeko izan duen eragina.


Hastapenetan, herriko dendariak izan ziren bezero nagusiak eta interes komertzialak
bezainbat jokatuko zuten bestelako arrazoiek. Baina egoera honek bilakaera azkarra
izan zuen, eta, gaur egun, ez da zaila Debagoieneko Goienkarian ikustea DHL
munduko garraio enpresarik handienaren iragarkia. Eta sektorearen datu bateraturik
ez dago, baina esango nuke euskarazko herri aldizkariek urtean fakturatzen duten
publizitatea ez dela ibiliko oso aparte 2 milioi eurotik.

Azken ekarpen bat ere aipatu nahi dut. Prentsa orokorra dago talde ekonomiko edo
ideologikoen esku, ia salbuespenik gabe. Eta bakoitzak jokatzen du bere taldearen
interesen arabera. Hau zilegi da, baldin eta betetzen bada oinarrizko arau bat:
irakurleak jaso behar du informazio osoa, eta iritzi ataletan emango zaizkio
interpretaziorako pistak. Zoritxarrez, prentsan ohikoa da informazioa galbahetik
pasatzea eta iritziz betetzea. Horrela, gai baten alde guztiak ezagutzeko behartuta
gaude erostera hiruzpalau egunkari. Hau ez da gertatzen herri prentsan. Hemen
patroiak dira oinarri sozial zabala eta plurala duten elkarteak, euskara dute interes
komun bakarra. Gainera, informazioa kontrastatzea oso erraza zaio irakurleari,
nekez sar dakioke porrurik. Azkenik, EHPk jasotzen du gehienetan Udalen diru
laguntza, eta hauen kolore politikoa ezberdina izaten da herritik herrira eta,
denboran zehar, aldakorra herrian bertan. Hala ere, herri prentsak ez du arazorik izan
koloreekin, lerratu gabea den seinale. Konbentzimenduz diot: Euskal Herrian den
prentsarik zintzoena da herri prentsa.

2. Diagnosia

Ekarpen guztiak dira onak, bestela ez lirateke ekarpen, baina bestelakoa da emaitza
euskarazko herri prentsaren diagnosia egitean. Lau multzotan bilduko ditut
sektoreari ikusten dizkiodan indar guneak, ahul guneak, aukerak eta arriskuak.
2.1. Indar guneak
- Hedapena. Urtean 3 milioi ale kaleratzen du EHPk. Konparaziorako,
egunean 10.000 ale botatzen dituen egunkari batek urtean emango luke 3,6
milioi ale. Beraz, astean edo hamabostean argitaratu arren, EHPren hedapen
kopuruak hurbiltzen dira egunerokoen zifretara.
- Ezarpena. EHPren mapa nahiko betea dago, inguru sozio-ekonomiko
ezberdinetan garatu da, nekazal giroan edo hirian.
- Atxikimendua. Gehienetan EHP doanekoa da, baina eskatu egin behar izaten
da, eta pertsonalizatuta iristen da etxeetara. Horrek eta hurbiltasunak eragiten
dute hartzailearen lotura afektiboa aldizkariarekin.
- Unibertsaltasuna. Herri aldizkari hedatuenak sartzen dira etxe gehiagotan
egunkari handienak baino. Debagoieneko Goienkaria sartzen da eskualdeko
20.000 etxetan, ia guztietan. Diario Vasco egunkaririk salduena, 7.000tan.
- Oinarri soziala. EHP bultzatu dute, gehienetan, euskara elkarteek. Eta
hauetan biltzen dira kolore guztietako euskaltzaleak. Debagoieneko Goiena
kooperatiban bazkide nagusiak dira eskualdeko 9 euskara elkarteak, eta
guztien artean biltzen dituzte 3.000 bazkide inguru. Ez dago eskualdean
neurri bereko giza erakunderik, ez eta Goienkariarentzat sostengu hoberik.
- Profesionaltasuna. Sorreratik hartu zuen EHPk amateurismoa osagarri eta ez
oinarri. Egun, osoko jardunak eta zatikoak bilduta, 100 osoko lanpostu
bueltan dabil sektorea.
- Merkatuaren onarpena. EHP ez zaio saltzen irakurleari, baina bai iragarleari.
Eta hauek erosten duten publizitate kopurua da 2 milioi euro ingurukoa.
- Bateratze bidean urratsak. Sakabanatuta sortu da sektorea, baina egiten ari da
urrats bateraturik, Topagunea federazioaren baitan.
- Erakundeen begirunea. Herriz herri berehala lortu zuen EHPk Udalen
sostengua, kasu gehienetan. Beranduago etorri zen Aldundi eta Gobernuena.
Gaur, guztiek aitortzen dute sektorearen garrantzia.

2.2. Ahul guneak


- Maiztasun urria. Bakanak dira astea baino maizago ateratzen diren
aldizkariak. Aldiz, ugariak dira hamabostekari edo hilabetekariak. Maizago
irteteko jauziak nekez egiten dira.
- Sakabanaketa. Bateratze bidean egindakoa indar gune bada, ahul gune behar
du egiteko dagoenak. Aldizkarietan ez dago kemenik sobran eta Topaguneak
lanak ditu haiek mugiarazteko.
- Publizitatea bateratu ezin. Aurrekoaren ildotik, EHPren hedapena diru iturri
bihurtzeko behar da publizitatearen kudeaketa bateratua. Eta ahaleginak
egon dira, baina ez da asko aurreratu.
- Profesionaltasun zaila. Oro har, EHPko langileen egoera ez da
harrokerietarako, eta pertsona aldaketa asko gertatzen da. Egonkortasuna
falta da, eta honekin epe luzeko ikuspegia.
- Erakundeak lotu gabe. Haien begirunea bai, baina ez da oraindik lortu
erakundeekin lankidetza iraunkorra lotzea. Urteroko deialdien bidez iristen
dira laguntzak, eta koiunturak baldintzatzen ditu harremanak.
- Plangintzarik ez. Erakundeek ez dute egin, eta sektoreak ere ez. Euskal
esparru komunikatiboak izena badu, baina izan antolaturik ez. Ez dago eredu
adosturik euskarazko hedabideen bilakaerarako, eta interes partikularrak ari
dira nagusitzen.
- Kemen gutxi. Aurreko hamarkadan indarra erakutsi zuen EHPk, eta horrekin
aurrea hartu zuen lehian. Orain ez dago horrelakorik, atzetik doa eta nekez.

2.3. Aukerak
- Informazio lokala, urrea. Mundu globalizatuan, tokikoak ezartzen ditu
diferentziak. Eta hurbileko informazioa etengabe ari da erakartzen hedabide
orokorren arreta. Prentsan, edizioak indartu egin dira, estatuko egunkariek
‘pais vasco’ sortu dute, nazionalek herrialdekako edizioak eta herrialdekoek
eskualdekoak. Hurbileko informazioa urre bihurtu da, eta toki hedabideak
daude urrearen ondoan, haiei dagokie printzipioz meategia antolatzea, urrea
ateratzea, inguruan banatzea, eta kanpora saltzea.
- Inork baino meatzari gehiago. Bere ahulean, EHPren azpiegitura gehiago da
talderik indartsuenak gurean sor lezakeena baino.
- Euskara itsasgarri. Beste egitasmo batzutan diruak egiten duena, euskarak
eragin lezake gurean. EHPren azpiegitura bihur lezake sare, bultza lezake
sektorea norabide bateratuan eta prentsa orokorrarekin lotu, eragile eta
erakundeak bil ditzake plangintza baten inguruan.
- Euskarazko prentsa orokorraren bultzada. Lehen Euskaldunon Egunkariak
hasitako bideari jarraituko dio Berriak, eta eskualdeko egunkariak
bultzatuko ditu. Dagoeneko abian dira Tolosaldean eta Oarsoaldean.
- Teknologia alde. Esanda doa nolako eragina izan zuen auto edizioak EHPren
loraldian. Orain sareak izan lezake antzeko eragina. Sareari esker, albistearen
ondoan dagoen kazetariak zabal lezake albistea mundu osora une berean,
bera bihurtzen da munduko kazetari enteratuena gai horretan. Ez da bakarrik
urrea oin azpian tokatzea, eta inor baino meatzari gehiagorekin, gainera
EHPk du banaketa instantekoa mundu guztirako, eta aparteko kosturik gabe.
- Iturri eta erreferente. EHPk meategia antolatzen duen neurrian, hedabide
handiek iturri gisa erabiliko dute, diru iturria ere izango da. Eta euskaraz
sortuko den informazioa erabiliko dute beste hizkuntzatakoek, euskara bera
erreferente bihurtuz.

2.4. Arriskuak
- Urre bila erdarazkoak. Informazioa urrea bada, jende askok nahi du urre
hori. Izan ere, informazioa botere iturri da eta tresna izugarria borroka
politikorako. Gainera, izan daiteke negozio. Gaztelaniazko komunikazio
talde handiek nahi dute hurbileko informazioaren esparrua irabazi. Oraingoz,
telebistan ari dira egiten apusturik gogorrena gurean, baliatuz euskarri
garestia izateak ematen dien abantaila. Sarean, badirudi joera izango dela
edukiak erostea une bakoitzean lortzen dituenari. Prentsan neke handiagoa
dute indarrez sartzeko, azpiegitura handia behar delako, eta dagoeneko EHP
ondo kokatuta dagoelako. Hala ere, talde horiek lor dezakete diruaren
poderioz EHPren posizioa erasotzea, eta lehiakidea ahultzea.
- Urre bila euskarazkoak. Euskarazkoen aldetik ere bada hurbileko
informazioan aritzeko borondaterik, prentsan bereziki. Aukeretan aipatu dut
nola Berriak duen eskualdeko egunkariak sortzeko asmoa, eta dagoeneko bi
sortu dituen. Arriskurik ere bada, ordea. Asmoa Berriarena da, ez da planik
adostu sektorearekin edo erakundeekin. Eta ekimena ez da abiatu EHP
garatuen dagoen eskualdeetan. Beraz, izan daiteke enpresaren estrategia
komertziala, zilegia baino partikularra, bideratua bere helburuetara eta ez
sektorea indartzera. Arriskua da EHPren sektorea geratzea talde mediatiko
baten menpe.
- Prentsaren dinamismoa. Proiektu zehatzetatik aparte, prentsaren sektorea
etengabe ari da aldatzen eta mugitzen, egokitzen irakurlearen bilakaerara,
moldeak lantzen eta euskarri berriak esploratzen. Bitartean, EHP oso mantso
dabil, urrats txikiak egiten, eta areagotzen ari zaio handiekiko dituen
gabezien zuloa. Besteak ziztu bizian dabiltzala, norberaren konformismoak
ez du balio, eustea ez da nahikoa, arriskuan jartzen da irabazitako esparrua,
gerta daiteke galtzea.

3. Balantzea

Bigarren puntuko lau ataletan jaso dira balantzerako osagaiak. Daudenak behintzat
badira, agian irakurle horrek sumatuko duzu bateren baten falta. Orain neurtu behar
da osagai bakoitzari zein pisu emango zaion azken emaitzan. Horren arabera,
balantze ezberdinak egin daitezke. Hau da nirea.

Euskarazko herri prentsa ondo kokatuta dago bere eginkizunari erantzuteko.

Lehenik, azal dezadan eginkizun hori patxadaz. Etorkizun hurbilean areagotu eta
biderkatu egingo dira munduarekiko izango ditugun loturak. Kablez eta uhinez,
kontaezinak izango dira informazioa ekarriko diguten iturriak eta kanalak. Sare
bakarrean egongo gara lotuta munduarekin, mundu informatizatuarekin. Eta honek
irekiko dizkigu ateak eta buruak, baina aldi berean ekarriko digu uniformetasuna
sareko beste guztiekin, eragin lezake gure ezaugarrien galera. Hau izan daiteke
bereziki grabea euskararentzat, sarean euskaldunok bakarrik egingo dugulako
euskaraz. Honen aurrean garatu behar dugu armiarmaren estrategia, landu behar
dugu amaraun sarea. Amaraunak baditu hari erradialak, erditik kanporantz
doazenak, eta baditu zirkularrak, erdi aldean ugariagoak eta ertzetan bakanagoak.
Gure harremanak honelakoa behar luke izan munduarekin, gure interesak ere horrela
daudelako antolatuta. Harreman sarrienak ditugu hurbilean, horregatik behar ditugu
lotura gehienak hurbileko zirkuluetan. Urrundu ahala, harremanak urriago, beraz
loturak bakanago. Nola ez, behar ditugu eskura munduko plaza jakin batzuk eta
hainbat puntu zehatz. Horretarako izango dira lotura erradialak. Antolaketa honekin
hobeto jasotzen da sarean gure errealitatea, sarean ere komunitate irauten dutelako
bizitza errealean ditugun komunitateak. Eta, bide batez, antolaketa hau guztia
euskaratik abiatuta egiten bada, ariko gara ematen gure hizkuntzari funtzionaltasun
izugarria, bihurtuko dugu eguneroko bizitan oinarrizko tresna eta modernitaterako
sarbide.

Onartzen bada amarauna dela sare antolaketa egokia, bistan da toki hedabideei eta
herri prentsari dagokiela eginkizun garrantzitsua, hots, lehen zirkuluak edukiz
betetzea, harreman sarrienak bideratzea eta erraztea. Eta, gorago nioenez, EHP ondo
kokatua dago lan hori betetzeko. Herritarren aldetik dituen hedapen, ezarpen eta
atxikimenduak ezin aproposagoak zaizkio hurbilean nagusitzeko.

Euskarazko herri prentsak faktore asko ditu alde, bigarren loraldirako.


Lehen loraldia ez zuen inork espero eta planifikaziorik gabe gauzatu zen, kasik
txiripaz. Eta, hala ere, hari zor zaio euskarak duen urrezko domina bakarretakoa,
herri prentsako txapeldunarena.

Hamar urte beranduago, ikusten ditut aukera ugari beste loraldi baterako. Aipatu dut
lehen informazio lokalak duen garrantzia gora ari dela etengabe, eta EHP ondo
kokatuta dagoela gorakada hori kudeatzeko. Teknologia ere alde du, beste behin,
bere produktuak argitaratzeko ez ditu beharko ordenagailua eta sarea besterik, eta
horrekin zabaldu ahal izango ditu mundu osora. Maiztasunak eta tiradak historia
izango dira laster, orainkariak eta ale infinituak datoz. Badago euskararen aldeko
bultzada gizartean eta erakundeetan, baliabide ugarirekin, gainera. Eta sentimendua
hedatu da euskarak izan lezakeela biziraupena, beste hizkuntza asko desagertzear
daudenean, baina bakarrik ondo jokatzen badugu bere hiztunok, lortzen badugu
hizkuntza zaharra igotzea gurdi berritara, asmatzen badugu euskara jartzen
gizartearen zerbitzuan. Zalantza izpirik gabe uste dut hedabideetan dagoela une
honetan euskararen alde egin daitekeen lanik emankorrena, eta EHP garatzeak
emango ligukeela oinarririk sendoena komunitate zentzua gordetzeko eta, horren
baitan, euskara bihurtzeko prestigiozko erreferente. Eta konbentzituta nago EHPren
bigarren loraldia posible dela, osagaiak badaudela.

Komunikazioaren arloan lehia gogorra da, EHP ahul dago eta ez da ikusten
kemenik erronkei aurre egiteko.

Gauza bat da loraldia posible ikustea, eta beste bat pentsatzea gertatuko dela. Uste
dut aukera bat baino gehiago galdu dituela sektoreak aurrera egiteko, sektore gisa
antolatu eta bere interesen alde egiteko. Hasi zenean bukatu berri den legealdia,
egon ziren baldintza ezin hobeak jauzirako. Udal eta Aldundietan talde berriak sartu
ziren gogotsu, giro politikoa oso egokia zen lankidetzarako, euskararen aldeko
partidetan egon ziren gorakada handiak, EHPren baitan gertatu ziren mugimendu
interesgarriak... Baina hori guztia ez zen nahikoa izan estrategia bat finkatu eta
bidean abiatzeko, eta sektoreak bere horretan dirau, iraun. Bitartean, hedabide
orokorrek jarraitu dute mugitzen eta posizioak hartzen hurbileko informazioa
lantzeko eta, gaur, herri aldizkariak ahul daude mugimendu horiei erantzun eta orain
arteko lidergoari eusteko.

Hala ere, berandu da baina ez beranduegi. Oraindik egin daiteke ahalegina sektorea
garatzeko eta indartzeko; sor daiteke egitura trinkoa eta mantendu hurbileko
informazioa euskararen eremuan, handik beste hizkuntzetara hedatzeko; finka
daiteke epe luzeko plangintza ziurtatzeko EHPren biziraupena eta garapena,
koiunturen gainetik; lor daiteke hurbileko informazio zintzoa bihurtzea gorputz
sozialaren elikagai oinarrizkoa; erabil daiteke hau guztia gordetzeko gure ezaugarri
komunitarioak eta euskara biziberritzeko. Lan honen azken partea bideratuko dut
proposamenak zehaztera, posible baina zaila den hori gerta dadin.

4. Eredu bat

Nire burua aurkeztean aipatu dut bi urtez (1999-2001) ohiko lana utzi eta aritu
nintzela Goiena kooperatiba sortzen. Eta auto lausengurik gabe, uste dut
esperientzia hura izan daitekeela eredu edo erreferente, zehazteko EHPren sektoreak
hasi behar duen bilakaera. Zilegi bekit, beraz, bere ezaugarri nagusiak ekartzea,
azken atalerako lagungarri.

Goiena jaio zen Debagoienean. Han sortu zen Arrasate Press 1988an, eta oso
oparoa izan da eskualdea herri hedabideetan. Bazeuden 1999an zazpi aldizkari, bi
telebista eta bi irrati. Handiak eta txikiak, sendoak eta ahulak. Guztiak kezkati
etorkizunaz. Ordurako nabaria zen eskualdean dinamika bateratzailea arlo askotan,
enpresan, kulturan, kirolean. Eta hedabideek ere bide horri ekin zioten, uste
osoarekin bateratzeak indartu egingo zituela eta bakardadean ez zegoela bizirauteko
aukerarik.

Bi urte beranduago, Goiena bitariko kooperatibak 50 langile zituen, eta 1,5 milioi
euroko aurrekontua urtean. Berak argitaratzen du Goienkaria asterokoa, egunkari
formatukoa, 21.500 aleko tiradarekin euskal kazetetan liderra. Bere hiru ediziotan
gordetzen ditu lehengo aldizkariak, eta guztiak bilduta irteten da 100 orrialdetik
gorako alea. Goienak kudeatzen du Goitb, eskualdeko telebista. Astean 40 orduz lan
propioa emititzen du eta lankidetza estuan dihardu Euskal Telebistarekin. Goienak
hartu zuen, era berean, Arrasate Irratiaren ardura, Arrasateko Udalak sortu eta gero.
Irratiak 24 orduko emisioa du. Azkenik, urrian jarriko du Goienak sarean
GoienaNet, Debagoieneko ataria, albiste eta zerbitzuz osatua. Aipatzekoa da, baita
ere, kooperatibak bideratu dituela jarduera osagarriak, esaterako web orrien edukiak
hornitzea, edo bereak ez diren hedabideen publizitatea kudeatzea, beti ere diru
sarrerak ugaltze aldera.

Bateratzeari buruz hemen emango ditudan zertzeladek pizten badute inoren interesa,
jakin beza bateratze prozesu osoa idatzia dagoela, Gipuzkoako Aldundiaren
enkarguz. ‘Goiena Esperientzia’ izeneko txosten mardula gordea du hango Euskara
Zuzendaritzak. Entresaka eginda emango ditut esperientziaren ondorio
probetxugarrienak.

Baliabideak
99ko udan Goiena zen apustu gogorra, ezin zuen inork bermatu prozesua ondo
amaituko zenik, bultzagileen konbentzimendua bezain handiak ikusten ziren orduan
arriskuak eta zailtasunak. Bestalde, elkarte sortzaileek ez zuten dirurik soberan. Eta
hala ere, gai izan ziren ni kontratatzeko merkatuko prezioan, bi urterako. Hau da,
dirua eta baliabide dezente jarri zuten, sarreretan ordain zuzenik eragingo ez zuen
lan baterako. Ondorio garbia atera daiteke: behar beste baliabide jartzeak ez du
bermatzen helburua lortuko denik, baina ez jartzeak ia segurua du porrota.

Adosteko gaitasuna
Goiena sortzeko eta gorpuzteko behar izan ziren erabaki asko. Eta erabaki
hartzaileak asko ziren: bederatzi herrietako euskara elkarteak, gehi eskualdeko
hedabideetan lehendik ari ziren langileak, berrogei inguru. Ba, prozesuan parte hartu
genuen guztiok esan genezake harrotasunez erabaki horiek guztiak hartzeko ez zela
behar izan botazio bakar bat ere, guztiak adosteko gaitasuna egon zela. Informazioa
erruz banatu zen, ezer gorde gabe, eta honek sortu zuen konfiantza alde guztiengan.
Gainera, asko idatzi zen, proposamenak eta ekarpenak idatziz egiten ziren, eta
denbora nahikoa eman zitzaion eztabaidari, etorkizunerako oinarri sendoa jartze
aldera. Honetan emandako denbora eta baliabideak inbertsio ona dira: zimendu
tinkoen gaineko eraikinak hobeto eusten dio enbatari.
Ausardia
Euskara elkarteak, oro har, ez dira asko murgildu enpresa kulturan. Egin dituzte
urratsak, profesionaltasunera bidean, baina arrotz egiten zaizkie enpresetan ohikoak
diren teknikak eta jarrerak. Goienako sortzaileak ausartak izan ziren oso, eta ez
zuten beldurrik izan onartzeko diru handiko inbertsioak edo muga gabeko
kontratuak. Seguruenik, eragina izan zuen jarrera honetan Debagoieneko
ekosistemak, ze eskualde honetako langile gehienak ohituak daude enpresaren
jardueran parte hartzen, baita erabaki estrategikoetan ere. Goienan, behintzat,
egitasmoa adostu ondoren erraza izan zen hura gauzatzeko erabakiak hartzea, batzuk
ondo potoloak.

Berritasuna formuletan
Goiena berritzailea izan zen bere egituraketan. Berehala hobetsi zen enpresa izaera,
kudeaketarako, egitura ohikoago eta ahulagoen aldean. Eta ondoren, sekulako
esfortzua egin zen nortasun juridiko egokia sortzeko. Argi zegoen zer nahi zen, hots,
elkarte sortzaileak bazkide nagusi izatea, hauek biltzen baitute oinarri sozial
zabalena, baina bazkide nahi ziren langileak, erakundeak eta gizarte eragileak. Urte
bete luzeko lana behar izan zen bitariko kooperatiba berezia definitzeko. Azkenean,
euskara elkarteek dute gehiengoa, eta bakoitzaren pisua egokitzen zaio herriaren
tamainari. Gainera bazkide dira langileak eta udalak, eta ateak zabalik dira
eragileentzat. Egitura gardena da eta partaide guztiek dute informazio osoa.
Patxadaz egiten da ildoak finkatzeko lana, baina bitartean eguneroko kudeaketak
badu behar duen azkartasuna. Ona da formulak ondo lantzea, egokitzea bakoitzaren
premietara. Hasierako lanetan pausatzeak izugarri errazten du ondorengoa.

Lankidetza erakundeekin
Euskararen aldeko lanean, ezinbestekoak dira gizartearen kemena eta erakundeen
ahalmena. Bi hauek uztartzeko, ordea, izan ohi da nahikoa lan. Edo, gizarte
ekimenak nahi duelako erakundea izatea diru hornitzaile soil, edo erakundeak nahi
duelako eragilea bere tresna bihurtu. Aldiz, behar dena da lankidetza, elkar hartzea,
osagarritasuna. Goienak hasieratik erabaki zuen eskualdeko erakundeak nahi zituela
bazkide, kooperatiban partaide eta lankide. Eta bultzatu zituen antzeko asmoak
goragoko mailetan, solaskide orokorren artean. Formula juridiko egokiena bilatu
zuen, eta aurkitutakoa eskaini, konbentzimendu honekin: informazioaren esparrua
euskararentzat irabaziko bada, behar dira batu indar guztiak lankidetza finkoan, eta
hau jarri koiunturen gainetik, epe luzeko bidean.

Autofinantzaketa.
Arrasate Pressetik ikasi zuten eskualdeko aldizkariek autofinantzaketa altuaren
garrantzia, eta Goienak ere filosofia horri eutsi zion. Udalei zegokien kostuaren zati
bat estaltzea, baina ez laguntza edo opari moduan baizik herritarrei eskainitako
zerbitzuaren ordain gisa. Aldi berean, ezinbestekoa zen egitasmoak bere sarrera
propioak lantzea, autofinantzaketa maila ona lortzea. Horretarako, oso serio landu
dira publizitatea eta sarrera komertzialak, behar adina baliabide jarriz. Eta lortu da
Goienako aurrekontuaren erdia inguru estaltzea baliabide propioekin, telebista
bezalako medio garestia barne. Bistan da oso sanoa dela lankidetzarako alde
bakoitzak jakitea bere ekarpen ekonomikoa dela bestearen parekoa, ez askoz
handiagoa, ez askoz txikiagoa. Oreka horrek tentazio asko uxatzen du.
5. Erronkak

Goiena hemen bezala azaltzen dudanean, sarri erantzuten didate horrelakoak


bakarrik direla posible Debagoieneko ekosisteman, eredua ez dela esportagarria. Ez
eta bai. Egia da ezin dela transplantatu, birlandatu mintegitik ortura, tomate landara
bailitzan. Baina eredutik har daitezke zutabeak eta horiekin finkatu helburu
propioak, utopia partikularrak, hauen bila bidea egiteko eta bidea eginez garatzeko.
Aldi berean, eskarmentutik atera daitezke plangintza orokorrerako ideiak,
bilakaerarako ildoak eta, agian, ekintzarako animuak.

Orain arte esandako guztiaren haritik, ondoko erronkak ikusten dizkiot euskarazko
herri prentsari, etorkizun hurbilean.

Indartzea
Egungo ahuleziak gainditu behar ditu sektoreak, bere lidergoari eusteko. Urrats
hauek eman behar lituzke:
- Bat egin ingurukoekin.
EHPn talde txiki gehiegi dago, irauteko indar juxtuarekin dabilena. Bateratzeak
ekarriko luke sinergia, tamaina eta indarra. Eskualdekako antolaketa da
egokiena, Gipuzkoan eta Bizkaian behintzat, eta esparru horretan komeni da
hedabide guztiak batzea egitasmo multimedian. Bateratzean, enpresa egiturari
heldu behar dio EHPk lotsa barik, sektorea konplexua da elkarte bidez
kudeatzeko.
- Bateratu sektorekoekin.
Topagunean hasitako prozesua bizkortu egin behar da, sektoreko indar guztiak
norabide baten jartzeko. Zerbitzu komunak sortu behar dira, informatikan edo
publizitatean, laguntza teknikoa eskaini ahulenei kudeaketan. Sektorearen
egitasmo bat adostu behar da, indar guztiak norabide berean jartzeko, eta
ordezkaritza ofiziala finkatu.
- Irabazi etxeko esparrua.
Indar horiek baliatuz, EHPk nagusitu egin behar luke bere esparruan, besteak
baino lehenago eta hobe arituz. Irabazi behar luke posizioa hurbileko
informazioa berak kudeatzeko eskualdean eta hedatzeko kanpora.

Bizkortzea
Informazioak abiada handia hartu du eta ziztu baten zabal daiteke edonora. Horri
ezin zaio erantzun bakarrik hamabostekaria bihurtuz astekari. Zerbait gehiago behar
da herri prentsa geratuko ez bada atzenduta, eta zerbait hori eskura dago, sareko
orainkaria da. Oraintxe gertatu den albistea une berean sarean jartzea da herri
prentsari zabaltzen zaion aukera berria. Aukera honek ez du eskatzen baliabide
apartekorik eta bai aldiz han egotea, albistearen ondoan. Horiek dira juxtu herri
prentsaren ezaugarriak. Idatzia eta soinua samur jar daitezke sarean, eta irudia
sartzea ere gero eta errazago egin daiteke. Modu honetan, EHPk berreskuratuko luke
neurri handian galdu duen erreferentzialtasuna, iturri ohikoa izango litzateke berriro
hedabide orokorrentzat, euskaldunak edo erdaldunak. Eta, aldi berean, aldatu egingo
lituzke sektoreko profesionalen buruak eta lan egiteko moduak, izugarri bizkortuko
lirateke ohiturak eta jarrerak, indartu egingo ziren giharrak beste edozein
erronkarako.
Irekitzea
Lehen puntuko bateratzearekin, EHP (euskarazko herri prentsa) bihurtu zaigu ETH
(euskarazko toki hedabideak), prentsa soiletik egin duenean multimediara. Eta lortu
du eskualdeko informazioa berak kudeatzea, berdin idatzia edo ikus/entzutekoa.
Orain tokatzen zaio harremanak lotzea beste hedabideekin, bereziak euskarazko
orokorrekin, komertzialagoak besteekin. Euskarazko prentsa, irrati, telebista edo
atari orokorrak lankide behar ditu ETHk, hauei eskaini dakieke sekulako sare
kapilarra informazioaz elikatzeko, eta haiengandik jaso lezake profesionaltasunezko
bultzada, produktuetan eta jardunean garatzeko. Guztiek elkar lanean jarrita,
euskarak izan lezake beste inork baino informazio sare osoagoa, eta euskaldunon
komunitatea bihur daiteke gurean biziena eta eragileena.

Abiatzea
Orain arteko guztia ez dadin geratu boluntarismo hutsean, uste dut urrats zehatzekin
hasi behar dela. Euskarazko toki hedabideen sektore barruan, Topagunearen baitan,
bulego zentrala sortu behar da, berariaz bateratze lanei ekiteko. Talde indartsuenek
egin behar lukete esfortzua horretara bideratzeko baliabide nahikoak, eta dinamika
indartsua sortu ahulenak ere suspertzeko. Eta kanpoan, eratu beharko litzateke
ikerketa talde txiki bat, adituz osatua eta baliabidez ondo hornitua, euskarazko
esparru komunikatiboa diseinatzeko, eta plan zehatza proposatzeko. Plan hau
eztabaidatuko litzateke parte guztien artean, eta adostutakoa indarrean jarriko lukete
erakundeek. Euskaldunon komunitateak behar du plan hori bere biziraupena
bermatzeko. Abia gaitezen, berandu baino lehen.

You might also like